Kontsumitzen dut… beraz, banaiz

/ abendua 9, 2017

Patxi Maebe, Berria, 2017/09/04

Ongizatearen gizartean bizi garela diogu, eta kontsumoarekin identifikatzen dugu ongizate hori. Mota guztietako produktuak kontsumitzeak zoriontsu egiten gaitu… «Kontsumoaren gizarteak» bere burua justifikatzen du esanez lehenago inoiz ez bezala asetzen dituela pertsonen desirak. Are gehiago, batzuetan hasieran premia bat asetzea besterik ez dena, konpultsio eta adikzio bilaka daiteke gerora.

1.- Kontsumitzea nahitaezkoa da, hil nahi ez badugu. Beti kontsumitu izan da, baina kontsumitzearen ideia oso desberdina da «kontsumitzaileen gizarte» batean, non «sindrome kontsumista» deitu zaiona sortu eta azkartasuna, gehiegikeria eta alferrik galtzea bultzatzen baitira. Alegia, bizitzeko beharrezkoak ez diren produktuak kontsumitzen dira eta, askotan, artifizialki sortu eta elikatutako desira mugagabeak asetzeko kontsumitzen eta gastatzen dugu. Arrazoi osoarekin esan izan da gizarte bat zenbat eta aberatsago eta okituago izan, kontsumitzeko gurari gehiago sortzen dituela, bai eta haiek asetzeko bitartekoak ere.

Gizarte «kontsumistan», izan ere, kontsumitzeko ohiturak sortzen dira, mugarik gabe kontsumitzen jarraitzeko xedearekin. Gure gizarteetan ezinezkoa da nahikoa egitea, egunero sortzen baitira premia eta desira artifizial berriak. Sortzen ari garen pentsamoldearen arabera gauza asko eduki behar dira, hori da garrantzizkoena, gauza asko eduki, erabili eta bota, iraupen-denbora gero eta laburragoekin. Behin eta berriro esaten da hori dela biderik errazena status soziala mantentzeko eta arrakasta, ospe ona eta norberaren zoriona erdiesteko. Baina erabili ondoren zaborretara botatzen diren hainbat produkturekin batera joaten dira huts egindako hainbat ilusio eta itxaropen ere.

Horrela bada, kontsumoa jotzen bada produkzioaren motorra eta gupidarik gabe kontsumitu behar bada gizarteak funtziona dezan, begi-bistakoa da zoriona ongizate material soil batera mugatzen dela, epe laburrean bizi eta gozatu beharreko zerbaitetara. Guk uste dugu, ordea, besteentzat bizitzea dela norberarentzat bizitzeko modurik onena. Hori ez da sakrifizio bat, zoriona partekatzea baizik. Zoriona, izan ere, kontsumoko gizarteak esaten digunaren kontrara, ez da batzuek zer jana soberan izatea, besteek nahikoa ez duten bitartean, edo auto berri bat erostea, status sozial on bat izatea, diru asko irabaztea edota, premiarik izan gabe, hainbat gauza erostea. Aldiz, besteekin parteka dezakegun bizi proiektu bat izatea, hori da egiazko zoriona. Horri deitzen diogu etika pertsonalista.

Berriro diogu, bizitzeko beharrezkoa den arren ondasunak kontsumitzea —bide batez, jarduera ekonomikoa sustatuz— ondasun horiek pertsona modura hobeak izaten lagundu behar ligukete. Beharrezkoa zaigu elikatzea, janztea, lan egitea, kulturalki garatzea, besteekin harremanak izatea, bidaiatzea, aisialdia gozatzea, etab. Baina zenbateraino? Zer parametroren arabera neurtzen da herri baten, pertsona baten ongizatea? Gozamena da neurria? Gizartean ospe ona izatea? Gainerakoak mendean edukitzea? Bizitzak planteatzen dizkigun arazoetatik ihes egitea?

Egia da ez dela erraza gehiegikeriaren eta eskasiaren artean asmatzea, kalitateko bizi proiektu baten eta elkartasunaren eta justizia sozialaren eskakizunen artean erabakitzea. Baina argi dago kontsumo neurrigabe eta akritikoak besteekiko hurbiltasunetik, gutxieneko premiak asetzera ere iristen ez diren haiekiko elkartasunetik aldentzen gaituela. Geure buruarekin isolatzen gaitu.

2.- Baina kontsumoaren dimentsioak badu dimentsio makroekonomikoa ere. Gure erabakietako bakoitzak kontsumitzen ditugun produktuen atzean dagoen bilbe ekonomikoa eta enpresak sendotzen ditu. Horregatik, garrantzi handikoak dira eskala txikian hartzen ditugun erabakiak. Orain ez gara galdezka hasiko zer sektore ekonomiko eta politiko elikatzen ditugun eta zer-nolako eragina duten horiek gure bizimoduetan. Hori hurrengo beste gogoeta baten xede izango da.

3.- Kontsumo arduratsua. Gurpil zoro deabruzko horretan erori nahi ez badugu, kontsumo arduratsuaren alde egin beharra daukagu. Sozialki arduratsua den kontsumo batek ondorengo hauen gisako galderei erantzun behar die: Badakit zer erosten dudan? Zergatik erosten dudan eta zein den erosten edo kontsumitzen ditudan produktu horietako bakoitzaren atzean dagoen gizarte-errealitatea? Horrela baizik ez gara hurbilduko bidezko kontsumoa deitzen diogun horretara.

Badakigu perspektiba hori ez dela praktikatzen erraza. Epe luzera, geure askatasuna jokatzen ari gara, geure gauzatze pertsonala, bizi garen gizarte honen giza kategoria, eta horrek guztiak nork bere bizimoduan zehar bizi izan ditugun esperientziak aztertzera eramaten gaitu.

Guztiok dugu gogoan, txikitan, mahaian eserita geundela, hainbeste aldiz esaten ziguten esaldi hura: «Ixo! Jan ezazu!». Horra hor gure gizarte kontsumistaren irudi bikain bat, behin eta berriro oihu egiten baitigute: «Ixo! Kontsumi ezazu!».

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*