Yayo Herrero: “Politika, ekonomia eta kultura hegemonikoek gerra deklaratu diote bizitzari”

/ abendua 9, 2017

Onintza Irureta Azkune, Argia, 2017/10/25

Yayo Herreroren hitzak dira, Emunek antolatutako jardunaldietan eskainitako hitzaldian esanak. Berrikuntza sozialak zein gizartearen erronkei egin behar dien aurre azaldu du, batik bat, krisi ekologikoari eta zaintza krisiari.

Ondoko lerroetan duzue hitzaldiaren laburpena:

Zein dira gizartearen erronkak? Zein arazo handi ditugu? Kooperatibetan eta ekonomia sozialean nola helduko diegu?

Probokatzailea izan nahi dut: politika, ekonomia eta kultura hegemonikoak gerra deklaratu dio bizitzari. Batik bat aberatsak, mendebaldeko herrialdeak, ekonomia ulertzeko garatzen ari garen modua bizitza sostengatzeko oinarrizkoa denarekin kontraposizioan dago.

Zer da oinarri hori? Ekodependenteak gara, ez ginateke bizirik egongo jakiak, ura, energia, lurretik aterako ez bagenitu. Naturarik gabe ez daukagu bizitzarik. Ezaugarri bat du naturak: muga dauka. Natur baliabide batzuk agortu egiten dira; beste batzuk birsortzen dira, baina ez nahi bezain azkar; eta beste batzuk estolda-zulo bihurtzen dira eta kutsadura sortzen dute.

Gaur egun muga fisikoak gaindituta daude. Giza espeziea naturak sortu dezakeena baino gehiago gastatzen ari da. Talka hori da krisi ekologikoa.

Krisi energetikoa: 2006an petrolioaren goia harrapatu genuen. Nahi ala ez nahi energia gutxiagorekin bizi beharko dugu. Energia sortzeko energia gastatu behar da eta petrolioaren intentsitate energetikoa ez dauka beste inolako energia iturrik. Esan daiteke gizarteak petrolioa jaten duela. Madrilen bizi naiz eta han ez da ezer sortzen, dena kanpotik ekarri behar da: janaria, arropa… urrutitik ekarri behar da dena. Eredu hori eramanezina da.

Materia krisia: Kobrea, litioa, galioa… Berebizikoak dira eguzki paneletarako, haize errotetarako, ekonomia digitalerako. Behar ditugu, baina ateratzeen goia ia jota dago.

Aldaketa klimatikoa: Ez naiz hasiko aldaketa klimatikoaz luzatzen. Bihotzean dago. Nekazaritza baldintzatzen du, biodibertsitatearen galera dakar. Emunen lana gustuko dut, ideo-dibertsitatea ere galtzen ari baita. Badirudi batera doazela hizkuntzen kontserbazioa eta naturaren kontserbazioa.

Garratza da kontatu dudana, baina ariketa egin behar da.

Bi oinarri ditugu hizketagai, aipatu dugun ekodependentzia eta interdependentzia. Bigarren horri buruz esan nahi dut bakarrik ez garela inor, ezinezkoa da bakarrik irautea. Bizitzan beste batzuen arreta behar dugu, gure gorputza zaintzeko adibidez, umeak behar du laguntza, zaharrek ere bai, aniztasun funtzionala duten pertsonek, gaixo gaudenean ere behar dugu laguntza. Gure erako gizarteetan gorputz horiez emakumeak arduratu dira. Ez horretarako gaitasun berezia dugulako, baizik eta gizartea patriarkala delako. Zaintza emakumeen esku. Hori ere marko ekonomiko eta politikotik kanpo geratzen da. Horregatik hasi gara hitz egiten kontziliazioaz enpresetan. Zaintza krisi galanta daukagu. Emakumeok iraultza egin dugu, lan merkatura atera gara, eta gizonek berriz ez dute egin alderantzizko bidea, etxerako bidea, alegia. Tentsioa sortu da, zaintza krisia, zaintzeko denbora gutxiago daukagu eta zaintzeko gero eta premia gehiago: gero eta zahar gehiago ditugu, hirietan bizi gara eta halako espazioetan zaintza are zailagoa da.

Nola konpondu dugu egoera? Batetik, “amona esklabo” deitutakoen lanaren bidez, alegia bilobak zaintzen jarriz. Bestetik, etxeko lanak egiteko eta zaharrak zaintzeko emakumeak kontratatuz. Gaizki baloratutako lanak dira. Espainiara zaintzaile lanak egitera datozen emakumeen jatorria eta guk kontsumitzen ditugun lehengaien jatorria bera da. Ekodependentzia eta interdependentzia, biak jatorri beretik.

Ez dago berrikuntza sozialik krisi ekologikoari eta zaintza krisiari erantzuten ez badie

Gure gizarteak krisi ekologiko eta erreprodukzio krisi sozial handia du. Ez dago berrikuntzarik erronka horiei erantzuten ez badie. Krisi ekologikoa eta zaintza krisia.

Krisi horiek desberdintasun ikaragarriak ezkutatzen dituzte, Ipar globala eta Hego globala. Begira diezaiogun aztarna ekologikoari. Besteak gu bezala biziko balira hiru planeta beharko genituzke. AEBetan bezala biziz gero bost planeta behar dira, Kuwaiten kasuan hamabi eta Norvegiaren kasuan lau. Erronka hauxe da: Bizitzea merezi duen bizimodua eraikitzen ikasi behar dugu, horretarako behar dena sortuz eta planetaren mugak kontuan hartuz.

Nolatan iritsi gara hona? Bizitzari gerra deklaratu diogu! Zergatik egin ditugu halako ereduak?

Mendebaldeko gizarteak badu ezaugarri bat: kultura bakarra gara horma sinbolikoa eraiki duena gizakiaren eta gainerako bizitzaren artean, bestearen beharrik gabe bizitzeko gaitasuna izango bagenu bezala. Biltegia, zabortegia, da guretzat planeta. Goazen Platon garaiko Atenasera. Zein zen eskubideak zituen herritarra? Lurrarekin loturarik ez zutenak ziren, beste batzuk ziren lurrari lotuta lanean ari zirenak, esklaboak eta emakumeak. Hortik edan dugu. Homo economicus, norberekoikeria elikatzen ari dena, ez dago subjektu interdependenterik. Batzuek esparru ekonomikotik at lana egin behar dute baina ez da lantzat hartzen. Zer da ekoiztea? Lan merkatuan egiten dena, diruari lotutakoa. Ekonomia sozialak ordea, beste errenta batzuez hitz egin du, ez diruaz soilik. Ekoiztea barreiatze bonbak egitea da, baina baita garia egitea ere, biei ekoizpena deitzen diegu. Batek bizitza izorra dezake eta besteak eraiki.

Berrikuntza sozialaz ari bagara, ekoizpena zer den aztertu behar dugu berriz, bizitza eraikitzeko izango den ekoizpenaz hitz egin behar dugu eta ez izorratzeko izango denaz.

Hara hiru galdera ikuspegi ekonomikotik: Zein behar bete behar dira? Zer ekoiztu behar da? Horretarako zein lan eta sektore behar dira?

Ekoizpenari nola emango diogu balioa? Urak zenbat balio du? Zaharra zaintzeak zenbat balio du? Paisaiaren edertasunak? Ekonomia horretan saiatzen da, denari prezioa jartzen. Ozono geruzari prezioa jartzen badiogu, eta izorratzen badugu zigorra ordain daiteke balio duen horren arabera. Baina horrek ez digu ezertarako balio, guk ozono geruza babestea nahi dugu zeren ezin da berreskuratu. Neurtzeko modu bakarra dirua izateak ez du balio. Beste adierazle batzuk erabili behar dira.

Kooperatibak berrikuntza sozialari heltzeko egoera pribilegiozkoan daude. Demokratizazio ekonomikoaren ezaugarri asko dituzte eta tokian-tokian daude.

Protagorasen ipuina kontatuko dut:

“Zeusek lurra sortu zuen, bizidunak ipintzen ari zen, animaliak eta landareak jarri zituen, eta laster konturatu zen animaliak babes gabe utzi zituela. Epimeteo hartu zuen eta bi zaku eman zizkion animaliei banatzeko, batzuentzat arantzak, besteentzat hortzak, hurrengoarentzat giharreak. Bi zakuak hustu eta espezie bat utzi zuen baliabiderik gabe, gizakia. ‘Ene, hauek ez dute iraungo!’ pentsatu zuen, oso zaurgarri geratu zirela uste baitzuen. Orduan, Hermesi bi gauza eman zizkion: besteen beharra dutenaren kontzientzia eta justizia”.

Bi gauza horiek badauzkagu, kooperatibak ere bai, begirada guztiz desberdinak ere bai. Egoera onean gaude pentsatzeko zer den berrikuntza soziala bizitza sostengatu ahal izateko.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*